Colaboraciones
ZABALDIKO ASTEA
Denok dakizuen moduan, Zabaldi, elkartasunaren eta internazionalismoaren inguruan lan egiteko kolektibo ezberdinak elkartzen garen espazioa da. Lokala ireki zenetik, urtero, kolektibo guztiek garrantzitsua deritzogun gai baten inguruan elkarrekin lan egiten dugu aste hau prestatzeko.
Aurten aukeratutako gaia, Espainiar gobernuaren kanpo politika da.
Internazionalismoaz hitz egiten denean, herrialde txiroen inguruan, haien egoeraz, hemengo kolektiboen elkartasuna nolakoa den herrialde horietako biztanleen alde egiteko…etabar imajinatzen dugu. Baina txirotasun honen jatorria non dagoen eta honen erantzuleak non bilatzen ditugun inguruan hitz egitea ere internazionalismoa da.
Zentzu honetan, badakigu erantzunkizuna iparraldean dagoela, iparraldeko botere espazioetan, bai gobernuetan, bai enpresa handitan. Bertan sortzen dira gutxi batzuen aberasketa basatiak eta hemen gozatzen dugun bizi maila altuaren mantenua. Ez da inongo sekretua hau hegoaldeko herriak berdintasun ezan eta txirotasun egoeran mantentzeari esker soilik posible dela.
Zergatik espainiar gobernuaren kanpo politikari buruz hitz egitea? Bizi garen sistema ekonomikoaren erantzuleak bilatzen ditugunean beti EEBBen ikurra bilatzen dugu erantzule nagusitzat; eta hala da. Baina badira berdina egiten duten gobernu gehiago.
Aurrera daramatzaten estrategiak antzekoak dira, haien jokabideen alde egiten dute eta hegoaldeko herrialde txirotuetatik etekinak ateratzen dituzte. Eta horien artean espainiar gobernua dago.
Zapateroren gobernua, aurreko guztiek bezala, abantaila komertzial handiagoak lortzeko helburuarekin, mundu osoan zehar domeinu espainiarra zabaltzen saiatzen ari da. Ildo honetan, Estatuko enpresa handienekin elkarlanean ari da, ofizialki politikaren munduak eta enpresen munduak bide bereiztuak jarraitzen badituzte ere. Gobernuak multinazionalen mesederako eta hauek beren eraginak kanpoan zabal ditzaten egiten duen lana erabatekoa da. Honek argi uzten digu kapitalaren internazionalizazioa ematen den arren, enpresa batzuk guztiz espainiarrak izaten jarraitzen dutela.
Hau izango litzateke Garapenaren Laguntzarako Fondoen banaketa nahiz kanpoan ematen diren interbentzio militarrak ulertzeko gakoetako bat. Era berean, Europar Batasunean eta NATOn parte hartzea, espainiar kapitalaren eta bere etekin ekonomikoen interesekin guztiz erlazionaturik dago.
Politika honen inguruan salatu nahi dugun beste arlo bat, politika migratorioa litzateke. Europar Batasunetik eraiki nahi den Europar gotorlekuaren barnean, bastioia bihurtzen ari da espainiar estatua, jendeak migratzeko daukan oinarrizko eskubidea ekidin nahirik, itzulerako zuzentaraua edo lotsarena deitu zaion zuzentaraua sinatuz eta pertsonak kaiukoetan hiltzen jarraitzea baimenduz.
EGITARAUA
• Astelehena 13: “Kanpo politikaren gakoak” hitzaldiarekin, Carlos Taiboren eskutik hasiera emango diogu asteari.
Carlos Taibo, Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren Zientzia Politikoaren irakaslea da. Azken urte hauetan, globalizazioari eta bere aurkariei buruzko liburu batzuk idatzi ditu. Horien artean: Cien preguntas sobre el nuevo desorden (2001), Sobre política, mercado y convivencia (2006; José Luis Sanpedrorekin batera) eta Movimientos antiglobalización (2007).
Kanpo politika osatzen duten ezaugarrien artean ibilbidea egingo digu, eta Europar Batasuneko eta NATOko kide izateak dakartzan ondorioetan zentratuko da.
• Asteartea 14: Ikus-entzunezko hitzaldi batean, publizitate kanpainetan estatu espainiarraren gobernuak eta enpresa multinazionalek jendarteratzen duten beraien buruen irudiaren atzean zer ezkutatzen duten ezagutuko dugu. Hitzaldiaren izenburua: “Boterearen komunikazioa, komunikazioaren boterea”. Euskaraz izango da. Hizlariak: Koldo Atxaga (EHUko publizitateko irakaslea) eta Jaume Gelabert (globalizazioaren aurkako mugimenduaren kidea eta multinazionalek hego amerikan darabilten funtzionamenduan aditua).
• Asteazkena 15: Gai militarren inguruko hitzaldia. Hizlaria: Alejandro Pozo, Balentziako Kontzientzia Eragozpen Mugimenduko militarren aurkako Alternatibaren bozeramailea.
Aurrekontuetan jasotzen den gastu militarraren inguruan arituko da, baita salmentaren garrantziaren inguruan ere. Kontuan hartzekoa da mundu mailan arma gehien saltzen duten herrialdeen artean Estatu espainiarra hamaikagarrena dela. Beste alde batetik, Libanon eta Afganistanen egindako interbentzio militarrak mintzagai izango ditugu.
• Osteguna 16: “Apaga y vámonos” dokumentalaren proiekzioa. Txileko Manel Mayolek ekoiztutakoa da eta Endesak Txilen egiten duenaz mintzatzen da.
Dokumental honek lapurtutako nazio baten historia jasotzen du, ahaztutako genozidio baten historia, globalizazioarena, ibai baten historia, Bio-vio ibaiarena alegia, Txileko ibairik luzeena.
• Ostirala 17: Inmigrazioaren gaiari helduko diogu. Verena Stolcke izango dugu gure artean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren Antropologia Sozialaren katedraduna. Inmigrazio politiketan aditua da eta bere azken ikerketetan, arrazakeriaren analisiari ikuspuntu feminista gehitu dio.
Hauexek dira gure astearen ekitaldi irekiak. Beste alde batetik, urtero legez, Zabaldi osatzen duten taldeetako kideei begira barne mintegi bat antolatu dugu. Aurten inmigrazioaren inguruan eztabaidatuko dugu.
Aste osoan zehar, Zabaldiko Kalaska gunean, MAPA INMUNDIS izeneko munduko mapa bat ikusgai egongo da ere. Bertan, multinazional espainiarrak zein herrialdeetan hedaturik dauden, ejerzito espainiarrak zein ekintza militarretan parte hartzen duen, etorkinentzako internamendu zentroak non dauden, …etab jasotzen da.
Ildo beretik, astean zehar garatuko diren gaien inguruko artikulu sorta bat txosten batean bildu dugu.







Si no ves aquí un comentario que hayas hecho recientemente es porque está en curso de moderación
Escribir un comentario :
En Nabarreria.com puedes expresar tu opinión sobre todas las noticias, y aquí aparecerán todos los comentarios que envíes.
La sección está moderada, y los textos no se publican directamente, con el fin de poder ser supervisados en la redacción. Nabarreria.com se reserva el derecho a rechazar aquellos comentarios que no guarden unas mínimas normas de respeto hacia los demás.